Zer da mintzalaguna?
Dakigun bezala hizkuntza ezagutzea eta hizkuntza erabiltzea ez da gauza bera. Nahiz eta hizkuntza ezagutu askotan erabiltzeko garaian zailtasunak ditugu: etxekoek ez dakite euskaraz edota dakitenean hizkuntz ohiturak aldatzea ez da kontu erraza, eta lagunekin beste hainbeste gertatzen da.
Horretarako, mintzalagun egitasmoa euskalduntzen ari direnei, euskara erabiltzeko ohiturarik ez dutenei edota besteei euskaraz hitz egiteko ahaleginean laguntzeko prest daudenei zuzendutako egitasmoa da. Honen helburua, herritarrei euskaraz aritzeko gune natural bat eskaintzea da, euskararen erabilera areagotu, hizkuntza ohiturak aldatu eta kalea euskalduntzeko asmoz.
Gainera, mintzalagun egitasmoak ez du mintzalagunei euskaraz aritzeko gune natural bat bilatzen bakarrik, baizik eta hizkuntz-paisaia eraldatzea bilatzen du ere, hainbat gune ezberdinetan euskararen erabilera sustatuz eta gune horiek euskarazko erabilera askeko gune bilakatuz.
Egun, gizartearen zati handi batek euskaraz ikasketak egin ditu eta, beste zati handi batek aldiz, ez du alfabetatze euskaldunik izan. Gabezia eta behar horiei erantzuna ematea du helburu mintzalagun egitasmoak, norberaren euskara maila hobetuz eta normalizazioaren alde eginez, hizkuntz ohiturak aldatuz eta kalea euskalduntzeko tresna bat bilakatuz.
Sortzen doazen eremu euskaldun horiek gainera, euskaldunon arteko harreman sarea zabaltzea lortuko du, jende berria ezagutuz eta euskaldun berriek euskaltegitik kalera urratsa ematean dituzten lotsak eta beldurrak gaindituz.
Nola eman izena?
-Lau Haizetararen egoitzara jo behar da astelehen, astearte eta
ostegunetan 17:00etatik 20:00etara (Madalen kalea 27, behea | Joxepa Anttoni Aranberri anitzenea).
– e-postaz mintzalaguna@lauhaizetara.eus helbidera idatzi
-688 765 398 telefono mugikorrera deitu.
Ordaindu behar dut?
Mintzalagun egitasmoa borondatezko laguntzaileez osatutako ekimena da, eta guztiz
doakoa da.