NOR GARA?

Lau Haizetara 1992ko abenduan eratu zen elkarte gisa. Hasieratik, helburu orokorrak euskal hizkuntza eta kultura sustatzea eta herriko euskal hiztunen komunitatea trinkotzea ziren. Gaur egun, helburu horiek barneratuta, euskararen bizitza eta bizitzaren hizkuntza uztartzea bilatzen dugu, hau da, euskara biziberrituz gure inguruko gizartea eraldatzeko urratsak egitea.

Hori horrela, gure misioa elkarbizitzarako proiektu komunitario bat eskaintzea da, betiere euskaratik eta bere mundutik herritarren zaintzari eta elkartasunari erantzuteko.

Gure bisioa da euskal hizkuntza komunitatea egituratuta egotea, euskaraz bizitzea ohikoa eta erosoa izatea eta, aldi berean, euskara eta bere mundua gizarteak sortzen dituen desberdintasunak orekatzeko topagune bat izatea.

Gure jarduna hainbat baloretan oinarritzen dugu: aniztasuna, autonomia, berdintasuna, auzolana eta parte hartzea.

Horiek horrela, adibidez, gaur egun euskara ikasi edo ezagutza hobetu nahi dutenei elkarrizketa gune bat eskaintzen diegu (Mintzalaguna) eta odola emateko saioak antolatzen ditugu Odol Emaileen Elkartearekin batera (Odola emanez bizitza eman), bai eta eskolako etxerako lanetan laguntza behar duten lehen hezkuntzako haurrei sostengua eman (Elkarrekin Ikasiz) eta Euskaraldiaren ariketa soziala dinamizatu ere egiten dugu.