Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ekitaldia abenduaren 23an izaten da, Ermitan. Jarraian, herrian ibilbide bat egiten da, haur-dantzari, musikari eta komitiba jendetsu batez lagunduta. Ibilbidea Herriko Enparantzan bukatzen da, eguneko protagonistak hartzeko prestaturik dagoen oholtzan. Bertan, Olentzero eta Mari Domingik haur guztien eskutitzak jasotzen dituzte eta gozokiak banatzen dituzte.
Olentzero eta Mari Domingiren Etorrera ekitaldian parte hartzera animatu nahi zaituztegu, haurrekin batera haien inguruan sortzen den giro magikoaz goza dezazuen. Irakurri gehiago…
Material gehiago:
2023
2022
Bi urteren ondoren, zoragarria izan da berriz ere kaleak hartzea.
2021
Hurrengo hogei urteetako lehenengoa.
2020
Pandemia urteak dena hankaz gora jarri bazuen ere, Olentzerok eta Mari Domingik ahalegin handia egin zuten haurrekin biltzeko segurtasun neurri guztiak ondo beteta. Horretarako, ezinezkoa zen urtero egiten zena bezalako ekitaldia egitea, haurrak ezin baitziren elkarren gainean pilatuta egon.
Beraz, egun bakar batean etorri beharrean bi egunetan etorri ziren Merkatu Zaharrera, eta berengana hurbiltzeko aurrez gonbidapena eskatu beharra zegoen. Gorabeherak gorabehera, 650 bat haur hurbildu ziren.
2019
Hankapaloak batu zitzaizkien segizioari, eta gero eta aberatsagoa da horrela. Hankapaloak Errenteriako CiPeko ikasleek egin zituzten.
700/800 inguru izan ziren hurbildu ziren haurrak.
2018
Errenteriako CiPeko ikasleek oholtza apaitzeko dekorazio bat egin zuten Olentzero eta Mari Domingiren sukaldea irudikatzen duena.
700/800 inguru izan ziren hurbildu ziren haurrak.
2017
Oholtza apaintzeko lankide berriak izan genituen: Errenteriako CiPeko ikasleek bi zuhaitz egin zizkiguten, bertatik zintzilikatu ahal izateko goizeko saioan haurrek egindako apaingarriak.
700/800 inguru izan ziren hurbildu ziren haurrak.
2016
Ibilbide zaharra berreskuratu zen eta Xabier Olaskoaga plazatik pasatzen hasi zen segizioa berriro, plaza erosoa baita dantzan egiteko.
700/800 inguru izan ziren hurbildu ziren haurrak.
2015
Xenpelar tailerreko Garbiñe Ramírez eta Henar Pesok egindako Olentzero eta Mari Domingiren irudiak agertu ziren lehenengoz Udaletxearen fatxadako karilloitik.
Bandak jendartean paperak banatu zituen guztion artean abestiak kantatzeko.
700/800 inguru izan ziren hurbildu ziren haurrak.
2014
Berrikuntza askoko urtea izan zen hau. Garrantzitsuena, Errenteria Musikal musika eskolarekin egin zen hitzarmena izan zen. Harrezkero, Olentzero eta Mari Domingiren segizioan parte hartzen duten musikari eta dantzariak musika eskolako kide dira.
Bestalde, herriko hainbat denda lankide izan genituen beren erakusleihoetako pantailetan Olentzero eta Mari Domingiren irudiak jartzeko.
Beste aipagarri batzuk dira pankarta berri bat egin zela eta astoen ordez traktorea erabiltzen hasi ginela.
Gertakari xelebreena, hala ere, kartelarekin gertatutakoa da. Urte hartako karteleko Mari Domingik gerri estua eta bular oparoa zuelako, zentsuratu egin zuten eta aurreko urte bateko kartela berrerabiltzera behartu gintuzten.
2013
Poliki-poliki saioa hobetzeko asmoz, Olentzerorentzako jantzi dotore bat josi zigun Ramón Garcíak.
700 bat haur hurbildu ziren.
2012
Eguna osatu nahiz, goizean haurrentzako zerbait antolatu behar litzatekeela usteta, ipuin kontalari baten saioa egin zen.
Arratsaldeko saiora 500 bat haur hurbildu ziren.
2011
Ilaran zain zegoen jendeari zerbait eskaintzekotan, Gaztainerre festa Olentzero eta Mari Domingirenarekin batzea erabaki zen. AEK-koen lankidetzaz, geroztik urtero egin den festa da.
Bestalde, Iturengo joaldunak batu zitzaizkion ekitaldiari.
2010
2010eko abenduaren 23a osteguna izan zen eta euria ari zuen goian-behean. Horiek guztiak hala izanagatik, aski jende izan zen euripean zain egon zena Olentzero eta Mari Domingirengana hurbiltzeko, ekitaldia jendartean errotuta zegoelako seinale.
2009
Parte hartu nahi zuten dantzari txikiak asko ziren. Azkenean 30 aritu ziren. Berrikuntza gisa, dantzariek kriseilutxo bana eraman zuten, eta gustatu zitzaion jendeari.
Ikaragarrizko eguraldi txarra zegoen iragarria egun hartarako. Azkenean erabaki zen betiko tokian egitea ekitaldia. Jende asko, beldurturik, etxean geratu bazen ere, 450 haurrek hartu zuten parte. 900 urtetik aurrera kartelen eta eskutitzen diseinua Iñaki Holgadok eta Iker G.T.ek eginak dira.
2008
Ibilbidea murriztu zen. Oholtzaren atzeko muralean Mari Domingi ere erantsi zen.
Laguntzaileei, gutuna emateaz gain, argazkiz osatutako CD bana eman zitzaien.
500 haur, berriro ere.
2007
Aurreko urteko parte hartzaileei adar jotzaileak erantsi zitzaizkien. Eszenatokian aldaketa bat izan zen: atzealde osoa estaltzen zuen telazko mural batean Olentzeroren irudia agertzen zen.
Mari Domingiri soineko zoragarri bat josi zion Ramón García jostunak.
Gurdia ere apainagoa agertu zen Xenpelar tailerreko Juncal Garcíak lagunduta.
Ikastetxeetara bidali zen gutunak haurrek margotzeko marrazki berri bat zuen. Gainera, gurasoei zuzendutako gutunean iradokitzen hasi ginen Olentzerori eskatuko zitzazikion opariek euskararekin zerikusia izan zezatela.
500 haur agertu ziren, eta ikusleak ere asko eta asko.
Urte hartako kartela Aitor Cejuelak egin zuen.
Ikusi zen ibilbidea luzeegia zela eta haurrak nekatu egiten zirela. Horregatik, hurrengo urterako bidea murriztea erabaki zen.
2006
Aurreko urtean ikusitako zailtasunei erantzuteko lan-talde finko bat sortu zen Lau Haizetara elkartearen barruan, lehendik zegoen laguntzaile taldeaz aparte.
Eguna aldatu zen berriro ere: gero eta haur gehiago etortzen ari zitzaigun, eta, herrian abenduaren 24an hiru Olentzero ateratzen zirenez, abenduaren 23ra pasatu genuen gure ekitaldia, ez baitzen kontua inori traba egiten aritzea. Ez zen erabaki erraza izan, baina aldekoak eta kontrakoak ikusita, proba behintzat egin behar zela pentsatu zen.
Urte hartan dultzaineroak, trikitilariak, txalapartariak, dantzari txikiak eta txistulariak aritu ziren kalejiran. Iraultza dantza taldeak ere parte hartu zuen segizioan. Baina, dudarik gabe, berrikuntzarik handiena Mari Domingi agertzea izan zen.
Mari Domingiren jantzia Ramón García jostun ospetsuak utzi zigun. Harrezkero, Mari Domingi ikuskizunaren parte garrantzitsuenetako bat da.
350 haurrek hartu zuten parte.
2005
Poliki-poliki ekitaldiaren handitzen ari zela-eta, egun berean laguntzeko talde baten beharra ikusi zen. Talde hori arduratu zen (eta oraindik ere hala egiten da) oholtza apaintzeaz, musika kudeatzeaz eta astoak gobernatzeaz eta abar.
Ardi larru bat oparitu zion baten batek Olentzerori, eta geroztik huraxe erabiltzen du.
250 haur agertu ziren, aurreko urtekoaren doblea. Ikusi zen hurrengo urterako zailtasunak izango zirela halako tamaina hartzen ari zen ekimena behar bezala antolatzeko.
2004
Funtsean aurreko urteko ekitaldi bera izanik, musika eta oholtza bat erantsi ziren. Argi gehiago jarri zen, ibilbidea luzatu zen, gurdia gehixeago apaindu zen eta komunikabideetan gehiago azaldu zen ekitaldi honen berri.
124 haur agertu ziren.
2003
Aurreko urtean erabakitako berrikuntza guztiak egin ziren. Hala, ikastetxeekin harremanak sortu ziren eta abenduaren 24ko arratsaldean etorri zen Haurren Olentzero udaletxeko arkupeetara.
Haur batzuk Olentzeroren aurpegi beztuak ikaratu egiten zituela ikusita, Olentzeroren itxura txukunagoa behar zela iruditu zitzaigun. Hala, Olentzerori aurpegia garbitzeko eskatu genion.
120 haurrek hartu zuten parte.
Aurreko urteko ibilbidea izan zen.
2002
Urte hartan antolatu zuen Haurren Olentzeroa Lau Haizetarak lehenengo aldiz. Abenduaren 25eko eguerdian egin zen, aurretik Xenpelar euskaltegikoek erabiltzen zuten egunari eutsiz.
Olentzero agertu zen bi astok tiratako gurdi batean, eta Madalena ermitatik udaletxerako bidea ibili zuen.
30 haurrek parte hartu zuten lehenengo urte hartan. Gutxi samar zirela iritzirik, hurrengo urterako eguna aldatzea pentsatu zen, abenduaren 24ra. Gainera pentsatu zen herriko ikastetxeekin harremanetan jarri beharra zegoela, eta handik aurrera Lau Haizetarak haurren artean gutunak banatuko zituela betetakoan Olentzerori emateko. Gurasoei ere ekitaldiaren berri emango ziokeen gutun bat ere bidali behar zitzaiekeela.