KANTUJIRA

Herri-kantak dira herri honen biziera eta sentieraren ispilurik onena. Eta euskaldunok, geure zorionerako, ehunka, milaka, herri-kanta ditugu. Askotan, ez dakigu nork eginak diren, ze jatorria duten… Ondo geureak dira halere!

         Historian zehar kantuen bideez eman da garai bakoitzari dagozkion ohitura eta baloreen transmisioa, hau da: gure hizkuntza eta kulturaren aho-ahoko transmisioaren tresna garrantzitsua izan dira kantuak. Gaur egun, kantuen funtzioa kultur transmisioan baztertua izan da beste baliabide batzuk garatu direlako gure hizkuntzan euskal kultura zabaltzeko. Beste batzuen artean, idatzizko dokumentuekin hasi eta orain teknologi berriak dauzkagu. Hala ere, gure herrian eta euskaldunontzat kantuek izan duten garrantzia gogoratu eta azpimarratu behar da.

ZER DA KANTU-JIRA?

         Euskal kanten bidez utzi zaigun ondare kulturala zabaltzeko eta gogoratzeko ekimen hau prestatzen ari gara. Kalean Euskal kulturaren ahoz ahoko transmisioa eta euskararen erabilera lotzen diren saio ibiltariaren beharra ikusten dugu.

         Gure asmoa gauzatzeko, hilero, bigarren larunbatetan, plazaz plaza euskal kantuak zabaltzeko saioak planifikatu ditugu. Urtean zehar 10 saio aurreikusten ditugu.

         Egitasmo hau burutzeko asmoz lantalde bat martxan jarri da. Kantu lantalde hau zuzendaria, musikariak eta dinamizatzaile talde batek osatzen dute, eta saioen eta entseguen prestaketan aritzen dira.

         Ekimenean parte hartzea herritar guztioi irekia dago, gure asmoa baita ahalik eta jende gehiena biltzea: Herria kantuan murgiltzea.

HELBURUAK:

  • Urtean zehar euskararen ahozko transmisioan kantek izan duten garrantzia berreskuratzea.
  • Euskal kantutegiaren inguruko ezagutza zabaltzea eta kaleratzea.
  • Euskal kantuak kaleratzea eta kalean kantatzearen ohitura berreskuratzea.
  • Kantuen bidez, euskararen erabilera zabaltzea eta areagotzea.

BALIABIDEAK:

         Kantu-jira gauzatzeko baliabide pertsonalak eta materialak behar ditugu. Lehen aipatu dugun dinamizatze-taldea motorra izango da, baina baliabide materialak ere ezinbestekoak dira: Fotokopiak, koadernoak, karpetak, propaganda egiteko baliabideak, musika baliabideak (soinu ekipoa).

         Gure hasierako erronka urtebetean 60 kanta osatzea zen, eta ahalik eta jende gehien parte hartzea. Hasierako saiorako, 50 pertsonentzat materiala prestatu genuen, baina urtean zehar jende gehiago atxikitzen joan da, eta normalean 80 laguneko kuadrilla osatzen da.

AZKEN URTEETAKO ESPERIENTZIA

         Azken urteetan dinamika bera eraman dugu eta esan bezala, uztailean eta abuztuan oporrak hartu ondoren, irailetik aurrera berriro ekiten diogun kantatzeari, hilabeteko 2. larunbateko eguna mantenduz eta jendearen erantzuna oso ona izaten  jarraitzen du. Gutxieneko 80 laguneko talde trinkoa lortzen dugularik.

         Bestalde, kalean gure presentzia areagotzeko, batetik bestera mugitzeko musikariak lagun izaten ditugu. Batzuetan, kalejiran, herriko Udal Txistu Taldea izaten dugu lagun. Gainontzeko hilabeteetan, batzuetan trikitilariak eta besteetan gaitariak izan dira kantu-jiran animatzaile, gure ibilaldian jai giro ederra sortuz.

         Gure herrian izaten diren beste ekimenekin bat egiten dugu eta horrela, MUSIKALDIAN, ATLANTIKALDIAN eta EUSKARAREN EGUNEAN parte hartzen dugu Musika Eskolako Bandarekin, Errenteriako Udal Txistu Bandarekin eta herriko beste elkarteekin batera.

         Batzuetan ez dugu gustuko eguraldia izaten, baina, hitzorduari hutsik egin gabe, osatzen dugu gure itzulia. Besteetan, Udaletxeko arkupetan kantatzeko tenorean arazoak izaten ditugu, Udaletxeko areto nagusian ezkontza ospatzen ari direla eta, kanta bat egin ondoren (edo bat ere ez) aurrera egiten dugu, bertan abestu behar genituen kantak gerora beste tokiren batean kantatzeko.

         Urtero ere, urtarrilean hamaiketako eta ekainean bazkaria, prestatzen ditugu eta jendeak pozez erantzuten du.

         Hasierako karpetan 101 kanta bildu genituen baina 2017an, Kantu-jirak 10 urte bete dituen urtean, kantu-liburuxka txikiago bat, tamainan, argitaratu dugu eta bertan 150 kanta sartu ditugu.

Hurrengo hamar urteetan ere, kantatzen jarraitzeko itxaropenarekin!!