Euskararen Eguna hurbil

Abenduaren 3ko Euskararen Eguna ospatzeko asmoz, Udalak eta herriko hainbat eragilek Euskararen Egunaren Hamabostaldia antolatu dute. Kulturaz, kirolaz eta euskaraz gozatzeko egitarau oparoa prestatu da.

Lau Haizetara elkartearen ekimen nagusiak: Kantu Jira eta II. Euskaltzaleon Plaza

Hamabostaldian Lau Haizetara elkarteak antolatuta, bi Kantu Jira izango dira herrian zehar euskarazko kantuak kalez kale zabaltzeko: bata erdiguneko kaleetan barrena ibiliko da, eta bestea Kaputxinoen auzoan.

Bestetik, II. Euskaltzaleon Plaza egingo da. Ekimen hau herritarrek elkarrekin hausnartzeko eta ekiteko gune bat izateko sortu da, eta bere helburu nagusia herrian hainbat proiektu abiatzea da, euskararen erabilera indartzeko.

Antzerkia, musika, tailerrak eta Sokatira Txapelketa Herrikoia

Kultura eta aisialdi eskaintza zabala ere izango da nagusi egunotan. Barrexerka konpainiaren ‘Patatekin’ antzezlana eta bakarrizketa-saio bana igaroko dira oholtzatik, muxikoekin eta zerealak ezagutzeko zein Atlantikaldiko (H)erritmoz dantza tailerrekin batera. Halaber, Torrekuan ‘Gure dieta digitalak’ jardunaldia hartuko dute.

Kirolari dagokionez, Sokatira Txapelketa Herrikoiaren bigarren edizioa jokatuko da Fanderiako Agustina Otaola pilotalekuan. 18 urtetik gorako herritarrek seiko talde mistotan parte hartu ahal izango dute, eta izena emateko epea zabalik dago sokatira@errenteria.eus helbidean.

Hamabostaldiko ekitaldiei amaiera emateko, abenduaren 3an bertan Euskararen kalejira bateratua egingo da, egitarauan parte hartu duten eragile guztien eskutik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude