Mintzalagun egitasmorako bi bidelagun behar ditu Lau Haizetara elkarteak

Lau Haizetara elkartea bi bidelagun bila dabil Mintzalagun egitasmoko taldeak dinamizatzeko ikasturte honetan. Astean behin, ordubetez, euskaraz hitz egiteko elkartzen diren lauzpabost laguneko taldeetan gidari aritzea izango da laguntzaileen egitekoa.

Bidelagunek euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituztenei hizkuntza praktikatzeko aukera eskaintzen diete, giro hurbil eta informalean. Horretarako, astean behin elkartzen dira talde txikietan, ordubetez euskaraz aritzeko. Egitasmoa urrian hasten da, eta ekainean amaitzen da.

Bidelagun izateko prest daudenek Lau Haizetara elkartearekin jarri behar dute harremanetan, bide hauetako baten bidez:

  • Posta elektronikoa: bulegoa@lauhaizetara.eus
  • Telefonoa: 613 254 904 (Ximun Leturia, Mintzalagun egitasmoko koordinatzailea).

Proiektuko arduradunek adierazi dutenez, bidelagun izateko ez da irakasle izan behar, nahikoa da euskaraz hitz egiteko gogoa izatea. Norberak dakiena eta dakien moduan partekatuz, beste batzuei euskaraz hitz egiteko konfiantza hartzen laguntzea da bidelagunen zeregin nagusia.

Nabarmentzekoa da Mintzalagun egitasmoan parte hartuz bidelagunek ekarpen handia egiten dutela, euskaraz aritzeko aukera berriak sortzen eta euskararen erabilera areagotzen laguntzen dute eta.

Beraz, Errenteria-Oreretako euskal hiztunen komunitateari ekarpena egin nahi badiozu, animatu eta izan zaitez bidelagun!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude