Liburu aurkezpen ekitaldia

Joan den asteko 24an, Idoia Fraile errenteriarrak bere lehen eleberria aurkeztu zuen: Arranoaren luma. Aurkezpena berezia izan zen, izan ere, Maddi Oihenart barkoxtarraren kantuek girotu zuten saioa. Ekitaldia interesgarria eta dotorea izan zen. Bertaratutakoek aukera izan zuten bai Idoiaren liburua bai Maddiren diskoa erosteko (erosi hemen eta hor).

Arranoaren luma eleberriak askatasunaren, identitatearen eta barne indarraren bila doan bidaia hunkigarria kontatzen du; aldi berean, emakumeek jasaten dituzten egoera bidegabeak ere modu sentiberan eta ausartean jorratzen ditu.

Egun hartako bero handia zela eta, saioa Reina udal aretora eraman genuen, denok erosoago egon gintezen.

Hika bertso poteoa ostegunean

Azken hilabeteotan hika ikastaroa antolatu dugu Lau Haizetaran Xenpelar AEK-ren laguntzaz. Ikastaroa amaitu, eta ondoren, hikari buruzko solasaldiak antolatu genituen, eta orain zikloa amaitzeko hika bertso poteoa antolatu dugu.

Bertso poteoan Oihana Iguaran eta IƱigo Manzizidor “Mantxi” bertsolariak izango ditugu. Bertso poteoa ekainaren 25ean izango da, 18:00etan Zumardian, eta ondoren herriko tabernetan zehar ibiliko da. Hika praktikatu nahi izanez gero, edota bertso saioaz gozatu nahi izanez gero, anima hadi!

Liburu aurkezpen-ekitaldia

Idoia Fraile herriko idazleak bere lehen eleberria aurkeztuko du: “Arranoaren Luma”. XIX. mendean Zuberoan indarrez ezkontzera behartutako emakume baten istorio hunkigarria kontatzen du liburuak.

Aurkezpenarekin batera, Maddi Oihenart abeslariaren kantu edonorekin gozatzeko aukera bikaina izango dugu.

  • Data: Ekainak 24, asteazkena
  • Ordutegia: 19:00
  • Tokia: Lau Haizetararen egoitza (Madalen kaleko anitzeko gela, 3. solairua)
  • Sarrera: Doan (lekuak bete arte)

Zatoz herriko kultura babestera eta gozatu literaturaz zein musikaz giro hurbilean!

Badator Errenteria/Oreretako euskaltzaleon plaza!

Hemen da Errenteria / Oreretako Euskaltzaleon Plaza!
Euskararen egoerak kezkatzen bazaitu, animatu! Elkarrekin pentsatu eta ekintzetara salto egiteko unea da, jar dezagun plaza dantzan!
Ekainaren 17an (asteazkena) arratsaldeko 18:30ean Joxepa Anttoni Aranbarri anitzeneko 3. solairuan

Lehen Hika Solasaldia

Atzo izan zen (H)ikastaroari amaiera emateko antolatutako lehen hika solasaldia. Maiatzean zehar egon ikastaroari amaiera emateko Idoia Etxeberria etorri zen gurera Hitanoa biziberritzeko esperientzei buruz hitz egitera.

Euskal Herri osoko esperientzietaz hitz egin zigun, eta horri esker datozen urtetarako hainbat ideia ere lortu genituen. Hurrengo solasaldia hurrengo ostegunean izango da Xenpelar etxean. Fernando Oiartzunek Nokaren galerari buruz hitz egingo digu arratsaldeko 18:00etan. Idoiaren solasaldiak bezalaxe sarrera irekia da.

Mila esker Idoia hitzaldiarengatik!

Herritarren aktibaziooa

Lau Haizetaran herritarren antolaketa prozesu bat abiatu dugu. Ibilbide honen asmoa da gure herriko euskararen errealitatean eragitea, elkarlan irekia eta malgua eta herritarren hizkuntza aktibazioa bilatzen du. Euskara biziberritzeko proiektu multzo bati ekin nahi dio.

Euskararen egoerarekiko ardura minimoa duten eta inplikazio maila desberdina izan dezaketen herritarrak saretu, ahaldundu eta antolatu nahi ditugu.

Saioa Zabalak (ezkerreko lehena argazkian) Errenteriako prozesua dinamizatzen du, eta Egoitz Albizuk (ezkerro bigarrena argazkian) Oarsoaldeko prozesuak koordinatzen ditu.

Prozesu honek bi urte eta erdi iraungo du. Pasaian, Lezon eta Oiartzunen ere martxan dago, eta lau udalen eta Oarsoaldeko Garapen Agentziaren laguntza du.

Hika solasaldiak, hitanoaren erabilera bultzatzeko esperientziak

Lau Haizetara elkarteak Hika solasaldiak antolatu ditu ekainaren 4an eta 11n, hitanoaren inguruko hainbat gai jorratzeko asmoz. Hitzaldiak herritar guztiei zuzenduta daude eta sarrera librea izango dute.

Lehenengo saioa ekainaren 4an egingo da, Badalab-en. Bertan, Idoia Etxeberriak Hitanoa berreskuratzeko esperientziak izeneko hitzaldia eskainiko du. Bigarren saioa, berriz, ekainaren 11n izango da Xenpelar etxean, eta Fernando Oiartzunek Noka galbidean eta baztertua egon da gaia landuko du.

Ekimen hau ikasturte honetan Errenteria-Oreretan martxan jarri diren Hikalaguna taldea eta Hika ikastaroa osatzera dator. Ikasturteari amaiera emateko, gainera, parte-hartzaileek Hika poteoa egingo dute ekainaren 25ean.

Lau Haizetara elkarteak herritarrak gonbidatu ditu hitanoaren erabilera eta transmisioaren inguruko gogoeta eta solasaldi hauetan parte hartzera.

Euskaltzaleon agerraldia ostiralean

Ekainaren 13ko manifestazioa dela eta, Oreretako euskaltzaleok agerraldia egingo dugu ostiralean. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Mikelazulon. Agerraldiarekin batera, argazkia ere egingo dugu.

Animatu!