Hika ikastaroa martxan da 12 parte-hartzailerekin


Hika ikastaroan parte hartzen ari diren ikasleak eta irakaslea, lehen saioaren ondoren gelan ateratako talde-argazkian.


Lau Haizetara elkarteak antolatutako egitasmoak hitanoaren erabilera sustatzea du helburu.

Pasa den ostegunean abiatu zen Hika ikastaroa, eta guztira 12 lagunek hartu dute parte lehen saioan. Lau Haizetara elkarteak antolatu du egitasmoa, Xenpelar AEK euskaltegiarekin elkarlanean, eta hitanoa ikasi eta praktikatzeko aukera eskainiko die parte-hartzaileei.

Ikastaroak bost saio praktiko izango ditu, bakoitza bi ordukoa. Saio horietan noka eta toka lantzea izango da ardatz nagusia, ikuspegi praktiko batetik: hika hitz egiteko oinarriak barneratu eta egunerokoan erabiltzeko tresnak eskaintzea da helburua.

Saio praktikoez gain, bi solasaldi ireki ere antolatu dira, herritar guztientzat zabalik egongo direnak. Solasaldi horietan hitanoarekin lotutako hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, hitanoa berreskuratzeko martxan dauden proiektuak, hikaren eta bereziki nokaren galeraren arrazoiak edota euskarazko lagunarteko erregistroa indartzearen beharra.

Ikastaroari amaiera emateko, parte-hartzaileek —ikastarokoek zein solasaldietakoek— kalean egingo den ekimen batean parte hartzeko aukera izango dute, hika modu naturalean praktikatzeko gune bat sortuz.

Hika ikastaroa antolatu du Lau Haizetara elkarteak

Hika ikastaroa antolatu du Lau Haizetara elkarteak

Noka eta toka egiten ikasteko 5 saio praktiko eta bi solasaldi izango ditu ikastaroak, apirilaren 30etik ekainaren 12ra bitartean. Saio guztiak ostegunetan izango dira, 18:00etatik 20:00etara.

Ikastaroa doan izango da, baina parte hartzeko nahitaezkoa da izena ematea. Apirilaren 16tik 28ra eman ahal izango da izena, formulario bat beteta. Informazio gehiago nahi duenak Lau Haizetara elkartera idatz dezake bulegoa@lauhaizetara.eus posta helbidera edo 613254904 telefonora deitu.

Ikastaroa Xenpelar AEK euskaltegian izango da. Bertako irakasle batek gidatuko ditu saioak eta hika ikasi edo praktikatzeko interesa duen edonorentzat dago irekita. Hori bai, plazak mugatuak dira.

Iaz, Euskalradia egin zenean, Errenteria-Oreretak “Euskaraldia Hika” ekimenean parte hartu zuen, eta herritar askok hika ikasi eta aritzeko interesa agertu zuten. Hala, ikasturte honetan, Hikalaguna talde bat sortu da herrian, eta ostegunero elkartzen dira Lau Haizetara elkartean hika egiteko.

Noiztik noiz arte: Apirilaren 30etik ekainaren 12ra

Noiz: Ostegunetan 18:00etatik 20:00tara

Non: Xenpelar AEK-n

Prezioa: Doan

Izena emateko azken eguna: Apirilak 28

Izena emateko: https://my.liberaforms.org/hika-ikastaroan-izena-emateko-formularioa

Informazio gehiago: bulegoa@lauhaizetara.eus 613 25 49 04

Errigora: udaberriko kanpaina

Dagoeneko aurtengo uzta prest dago, urte osorako Nafarroa hego eta erdialdeko produktuz beteta: oliba olioa, ardoa, arroza, pasta, kontserbak, lekalea eta fruitu lehorrak.

Sartu errigora.eus webgunean, egin eskaera eta adierazi produktuak Lau Haizetaren bidez jasotzeko (Merkatuzar). Eskatzeko epea otsailaren 26tik martxoaren 18ra bitartekoa da. Banaketa apirilaren 27tik aurrera egingo da; abisatuko dizugu.

Errigora ekimen herritarra da, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituena, Nafarroan euskara ofiziala ez den eremuetan eragitea helburu duena. Horretarako, lurralde horietako elikagaiei Euskal Herri osoan zabaltzeko bidea ematen die. Errenteria/Oreretan Aukerak Sortzen ekimenaren eskutik bideratzen da.

Korrika Kulturala heldu da

Xenpelar AEK euskaltegiaren eskutik, gurekin izango da Korrika Kulturala. Bihar ostiralez, otsailak 27, Korrika kulturala aurkeztuko dute. Ekitaldia Gamon zumardian egingo da; bertan, Errigorari omenaldia egingo zaio eta Errigoraren produktuak dastatzeko aukera izango da, Kittu taldearen doinuaz lagunduta:

  • 18:45: Korrika Kulturalaren aurkezpen ekitaldia
  • 19:00: Errigoraren omenaldia
  • 19:20: Errigoraren produktuen dastaketa, Korrika tonbolaren begiradapean

Pizkunderako Autobusa

Abenduaren 27an milaka euskaltzale batuko ditu Kontseiluak euskararen etorkizunaren aldeko Pizkundea ekitaldian. Euskaltzaleok hitzordu garrantzitsua dugu: milaka buru eta bihotz taupa-taupa ariko gara Bilbao Arenan.

Horren harira, dei egiten dizugu Bilbora autobusez hurbiltzera. Gure herritik autobusez joan nahi baduzu, autobuserako izena, ondorengo lekuetan eman dezakezu: Lau Haizetara (613254904), Xenpelar AEK () eta Arkaitza taberna(). Autobusa Zumarditik abiatuko da goizean (10:30) eta arratsaldean (15:00). Txartela egunean bertan ordaindu beharko da, helduena 12 euroren truke eta haurrena 8.

Ekitaldiko sarrera erosteko, sartu hemen.

Euskararen eguneko kantujira berezia

Euskararen eguneko hamabostaldia dela eta, ostiral honetan, abenduaren 5ean, kantujira berezia egingo da. Xabier Olaskoaga plazatik abiatuko da arratsaldeko 17:30ean. Oraingoan, Herri Arte Eskolako dultzain eta trikitixa taldeekin batera ekingo diote herria kantuz betetzeari.

Parte hartzea guztiz dohakoa da. Parte hartu nahi duenak gerturatu besterik ez du egin behar, ostiral arratsalde giro on eta alaiean egoteko.

Herritarren hizkuntz eskubideak auzitan

Datorren astelehenean, hilak 1, herritarren hizkuntz eskubideak auzitan hitzaldia izango da, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak antolatuta. Izenak dioen bezala, herritarren hizkuntz eskubideei buruz arituko dira. Saioa Joxepa Antoni Aranbarri anitzenean izango da, Badalab plazan (3. solairua), 18:00etan.

Oarsoarrak saria Arkaitzari

2025eko Oarsoarrak saria gure herriko Arkaitza tabernak jasoko du, bai eta Oiartzungo Biok janariak eta Gure Txoko jatetxeak ere.

Euskararen saria ematearen helburua da gure eskualdean euskarazko praktika onak egin dituzten pertsonak eta entitateak nabarmentzea, bai eta gure bailarako euskal hiztunen komunitatearen topagunea izatea. Bi urtean behin ematen du saria Oarsoaldeko Euskara Batzordeak.

Saria ostiral honetan, azaroak 28, emango da Merkatuzar aretoan, 19:00etan.