
Hika ikastaroan parte hartzen ari diren ikasleak eta irakaslea, lehen saioaren ondoren gelan ateratako talde-argazkian.
Lau Haizetara elkarteak antolatutako egitasmoak hitanoaren erabilera sustatzea du helburu.
Pasa den ostegunean abiatu zen Hika ikastaroa, eta guztira 12 lagunek hartu dute parte lehen saioan. Lau Haizetara elkarteak antolatu du egitasmoa, Xenpelar AEK euskaltegiarekin elkarlanean, eta hitanoa ikasi eta praktikatzeko aukera eskainiko die parte-hartzaileei.
Ikastaroak bost saio praktiko izango ditu, bakoitza bi ordukoa. Saio horietan noka eta toka lantzea izango da ardatz nagusia, ikuspegi praktiko batetik: hika hitz egiteko oinarriak barneratu eta egunerokoan erabiltzeko tresnak eskaintzea da helburua.
Saio praktikoez gain, bi solasaldi ireki ere antolatu dira, herritar guztientzat zabalik egongo direnak. Solasaldi horietan hitanoarekin lotutako hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, hitanoa berreskuratzeko martxan dauden proiektuak, hikaren eta bereziki nokaren galeraren arrazoiak edota euskarazko lagunarteko erregistroa indartzearen beharra.
Ikastaroari amaiera emateko, parte-hartzaileek —ikastarokoek zein solasaldietakoek— kalean egingo den ekimen batean parte hartzeko aukera izango dute, hika modu naturalean praktikatzeko gune bat sortuz.
